XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta horrela, baraurik geundenez Dumfriesen geratu eta jatetxera joan gara, baina ni urduriegi nengoen ezer jateko eta bera ezin topaturik ibili naiz, eta gero beste kale batetik etorri denean patrikan zekarren botila ikutu ahal izan dut zaplada batez eskua apartatu aurretik.

Beraren txiskeroa nik neukala esaten aritu da etengabe, eta gero galdu duela eta bera izan dela galdu duena esan diodanean, bere denboran ez duela sekula txiskerorik izan zin egiten zuen.

Haragia zar-zar-zar ari zen frejitzen zartagian, zipriztinak atereaz.

- Hiru aldiz mozkortu da gaur - esan zuen Templek.

Hiru aldiz, bata bestearen atzetik egun berean.

Buddyk, hau Hubbert nire anaia gazteena da, mozkorren batekin harrapatzen baninduen hotzak aterako zizkidala esan zidan behin.

Eta egun berean hiru aldiz mozkortzen den batekin nabil.

Hankagaina mahaiaren kontra zuela, eskuaz zigarroa estutuz, algaraka hasi zen.

- Ez al zaizu farregarria iruditzen?- galdetu zion.

Farre egiteari utzi zion arnasari eutsiz, entzun zuen kriseiluaren tanta-hots ahula eta zartagian haragiak egiten zuen zarata, sutegian kafeontziak egiten zuena eta ahotsak, etxeko arrek egiten zituzten zentzurik gabeko zarata latz, gogorrak.

- Eta gauero horiek denentzako otordua prestatzen duzu?.

Gizon horiek guztiak hemen jaten, gauez, ilunpetan etxea bete gizon andana hori....

Zigarro mastrakatua bota zuen.

- Haurra har al nezake?.

Badakit nola egiten den, ondo eutsiko diot.

Kajarantz joan zen korrika, makurtu eta lotan zegoen haurra altxa zuen.

Negarrez hasi zen hau, begiak irekita.